jueves, 14 de mayo de 2015

SASOITSU AL ZAUDE?

Sasoia "eguneroko lana, kemenez eta eraginkortasunez, nekearen agerpena atzeratuz, energia gastu txikienez eta lesioak pairatu gabe eginez burutzeko trebetasuna" da. Beste hitz batzuk erabiliz, edozein ahalegin fisiko egiteko gure gorputzak azaltzen duen erantzun maila adierazten du.


Sasoiaren egoera ona denean, sasoitsu gaudela, sasoia daukagula, esan ohi da.Txarra denean, berriz, ezinean ibiltzen gara, leher eginda esfortzu fisiko bortitzak egin ahal izateko. Esate baterako, bistan da 200 kg pisatzen duen edozein pertsonak korrika egiteko eta beste mila jarduera fisiko egiteko ez dagoela beste edozein korrikalari bezain sasoitsu.


Alde batetik, sasoiak indarra, abiadura eta potentziarekin , koordinazioarekin , erresistentziarekin eta osasunarekin zerikusia duela esan daiteke. Beste hitzak erabiliz, sasoiak osagai desberdinak dauzkala. Sasoia, bera osatzen duten zenbait ahalmen edo kualitate deritzaien emaitzat edo balorazio orokortzat uler daiteke.


Beste aldetik, faktore horiek (indarra, abiadura, potentzia, koordinazioa,...) entrenamenduaren bitartez hobe daitezkeenez sasoia bera ere prestakuntza fisikoaren ondorioz sendo daitekeela ikusten da. Are gehiago, azken ohar honek sasoiaren osagaien ezaugarria definitzen du. Hau da, sasoiaren osagaiak entrenamenduaren bitartez hobe daitezken faktore, ahalmen edo kualitateak dira. Hiru osagai berezten dira sasoiaren barruan: gihar-indarra, gihar-erresistentzia eta erresistentzia orokorra edo kardio-baskularra. Eta hiru kualitate hauek osatu dute sasoiaren kontzeptua.


Denboraren poderioz eta ikerketen ondorioz, entrenamenduarekin hobetzen diren beste zenbait kualitate badirela ikusi da. Hala nola, malgutasuna, abiadura, gihar-potentzia eta arintasuna. Geroztik kualitate mota berri asko proposatu eta definitu dira eta sasoia kontzeptuari osagai multzo desberdin asko eskeitzen zaio. Adituak, ordea, ez datoz oso bat, sasoiaren osagaiak zehatz-mehatz zeintzuk diren definitzerakoan. Batzuk sasoiaren barruan hasierako hiru osagaiak bakarrik sartzen dituzte.


Jende asko bat dator sasoia osatzen duten kualitateak bi taldetan sailkatzerakoan. Sasoia kualitate fisikoek eta kualitate motrizek osatuko lukete. Kualitate hauek oinarri anatomiko eta fisiologikoa dute. Beraz, sasoiak osasunarekin lotura estua dauka. Zenbat eta oinarri biologiko hobea, zenbat eta funtzionamendu fisiologiko hobea orduan eta organo eta sistema sendoagoak, orduan eta osasun hobea, orduan eta kualitate fisiko eta motriz garatuagoak eta, beraz, sasoi hobea izango dugu.


Beraz, oso garrantzitsua da sasoitsu egotea, osasunaren adierazle delako. Eta sasoia, hau da, bera osatzen duten kualitate fisiko eta motrizak entrenamenduarekin hobetzen direnez prestakuntza fisiko honi garrantzi handia emango diogu gure Gorputz Heziketa irakasgaian. Hauxe izango da gure helburu nagusienetarikoa. Kualitate fisikoak eta motrizak garatuko ditugu sasoia eta osasuna sendotzen laguntzen digutelako.


Axier Uriarte

No hay comentarios:

Publicar un comentario