viernes, 15 de mayo de 2015

ARIKETA FISIKOAREN ERAGINA ARNAS APARATUAN

Ariketa fisikoak berez ez du eragin handirik arnas aparatuaren ahalmenetan. Ordea ariketa fisiko jarraituak arnas aparatuan badu eraginik, intentsitate berean egindako ariketan aireztatzea gutxitzea eragiten baitu. Oro har, entrenatutako pertsona batek, sedentario baten aldean, aire gutxiago sartu behar du biriketan ariketaren intentsitate bera egiteko. Hau garrantzitsua izango da asma bezalako gaixotasunetan, non pertsonak arnas egiteko zailtasunak dituen. Ariketa fisikoa sortzen dien ondoeza dela eta, zenbait ume asmatikok sedentarioagoak izateko joera dute. Sedentario izateak edozein ariketa egitean arnas zailtasun handiagoak ekarriko dizkie eta horrela gurpil zoro batean sartuko dira. Gurpil zoro honetan ez sartzeko gomendagarria da ariketa fisikoa baldintza egokietan egitea. Horretarako garrantzitsuak dira: hezetasun eta tenperatura egokiak, asma sortzen dieten baldintzak saihestea (polen maila altuak zenbaitetan), berotze ona egitea, airea sudurretik hartzea eta bere gaitzaren tratamendu farmakologiko egokia. Hau dena kontuan hartuz gero zeharo gomendagarria izango da ume asmatikoek ariketa fisikoa egitea.

Nagore Redin

No hay comentarios:

Publicar un comentario