Malgutasuna, gorputz mugimenduak ,artikulazioen ibilbide gorenak erabiliz lortzen direnak, egiteko ahalmena da.Pertsona edo kirolariren bat malgua dela esaten denean bere gorputzarekin tolesteko, makurtzeko, okertzeko eta edozein moduz mugitzeko agertzen duen gaitasuna edo neurri handia adierazi nahi da. Gogora ditzagun, esate baterako, kirolarien artean kirol-gimnasia edo gimnasia-erritmikoan aritzen direnak oso pertsona malguak dira.
Malgutasuna beste bi kualitatez osatuta dago: Giharren elastikotasunaz eta artikulazioen mugikortasunaz. Gure gorputzeko malgutasuna, giharren elastikotasun eta artikulazioen mugikortasunen menpe dago. Elastikotasuna giharrek beren luzera arrunta handitzeko eta beren tamaina arruntera itzultzeko duten gaitasuna da. Mugikortasuna, berriz, artikulazioa osatzen duten hezurrek elkarren artean mugitzeko duten ahalmena da.
Malgutasun ona edukitzea garrantzitsua da kirol guztietan ahalik eta mugimendu zabalenak egin ahal izateko eta, bereziki, kualitate fisiko landuena den probetan. Baina eguneroko bizitzan ere garrantzitsua bihurtzen da, frogatuta dago erregularki eta modu egokiz gihar elastikotasuna eta artikulazioen mugikortasuna lantzen duten ariketak egiten dituzten kirolari eta ezkirolariek mugimendu zabalagoak egiteko ahalmena edukitzeaz gain, artikulazio eta gihar lesio gutxiago eta postura deformazio gutxiago izaten dituztela. Baina malgutasun gehiegi egiteak kalteak sor ditzake. Luxazioak jasateko joera eta giharrak ahultzea gerta litezke.
Malgutasuna, esan bezala, artikulazioen mugikortasunarekin eta giharren elastikotasunarekin lotuta dago. Azken hauen izaerek definituko dituzte malgutasunaren ezaugarriak eta mugak. Artikulazioaren mugikortasuna, honen egitura anatomikoarengatik dator mugatuta. Hain zuzen, mugikortasunaren ikuspegi horretatik hiru artikulazio mota dago:
Sinartrosia: Artikulazioa osatzen duten bi hezurrak bat eginda daude, "josita" bailiren, eta ez dago elkarren artean tarterik (burezurra).
Anfiartrosia: Artikulazioa osatzen duten hezurrek mugimendu txikiak egiteko aukera dute eta hezurrak elkarren artean disko kartilaginoso batez daude loturik (bizkarrezurra).
Diartrosia: Artikulazioa osatzen duten hezurren artean agertzen den tarteak hezurrei mugimendu zabalak egiteko aukera ematen die. Ariketa fisikoa egiteko artikulazio mota garrantzitsuena da hau. (Artikulazio hauek errotazio, flexio, abdukzio, adukzio, goratze, jaiste... mugimenduak egin ditzakete).
Beraz, artikulazioen mugikortasunak, gorputzaren egitura anatomikoak ezartzen dizkion muga naturalak dauzka, hain zuzen, hezurrek, lotailuek eta tarte artikularrak ipinitakoak. Azken bi hauen mugak dira, bereziki, mugatzen dutenak.
Bestetik, giharren elastikotasuna mugatzen duen alderdietako bat lasaitasuna da. Gaur egun frogatuta dago giharrak erlaxatzean lortzen duten luzapena handiagoa dela, ez badira lasaitzen artikulazioaren mugimendua mugatu egiten da. Hain zuzen, malgutasuna lantzeko metodo berrienak streching edo luzaketak deritzanak giharren lasaipenari erabateko garrantzia ematen diote.
Tenperaturak ere badu zeresanik, giharren elastikotasunean. Frogatuta dago giharrak berotzen direnean erraztasun handiagoarekin uzkurtzen eta luzatzen direla eta ondorioz, malgutasunean irabazi. Hortaz, malgutasuna entrenatzeko asmotan bagabiltza aldez aurretik giharrak ongi berotu eta lasaituko ditugu.
Gihardura handiak, bere aldetik, malgutasuna mugatzen du, gihar bolumen handiak mugimendu zabalak egiteko oztopo bihurtzen direlako. Horrexegatik entrenamenduetan malgutasun eta indar ariketak nahastu behar dira, baten garapena bestearen ahalmen ahultzea ez dezan ekar.
Malgutasunean ere badu eraginik eguneko zein ordutan gauden. Jaikitzerakoan izaten da malgutasun eskasena. Urduri egoteak malgutasuna gutxitzen du giharrak zurruntzen direlako. Azkenik esan malgutasunean sexu desberdintasun nabarmenak ematen direla. Emakumea, berez, arrazoi fisiologikoengandik, gizonezkoa baino dezente malguagoa da. Malgutasun saio bat antolatzerakoan, komeni izaten da alderdi guzti hauek kontutan hartzea.
EBOLUZIOA
Beste kualitate fisikoekin gertatu ez bezala malgutasun mailarik onenarekin jaiotzen gara eta bizitzen zehar, pixkanaka, ahalmen hori galtzen joaten gara. Malgutasunaren eboluzioa beste kualitateen aldean zeharo desberdina da.
Hala ere 10 urte bitartean galera txikia izaten da baina hemendik aurrera pubertaroaren etorrerarekin eta honek sortzen dituen hazkunde eta, batez ere, giharduraren sendotzearekin malgutasuna nabarmenkiago galtzen da. 20-22 urte aldera jaiotuneko malgutasunaren %75 mantentzen da, bakarrik. 30 urte arte jaitsiera moteltzen da, berriz ere, indarraren egonkortasunaren ondorioz. 30 urtetatik aurrera galerak oso desberdinak izaten dira pertsona batetik bestera, norberaren hezur eta gihar egituraren arabera eta egindako jardueraren arabera.
Axier Uriarte
No hay comentarios:
Publicar un comentario